Cookie

Gatz Harana


Añana arabar herriko Gatz Harana da gaur egun Europako kultur paisaia ikusgarrienetako bat eta hobetoen gorde denetako bat. Haren balioa ez datza arkitektura berezian bakarrik, edo 1.200 urte baino gehiagoko historia dokumentatuan, ezta ere ezaugarri geologikoetan, biodibertsitatean edo paisaia balioetan, baizik eta horrek guztiak inguru pribilegiatu batekin eratzen duen harmonia ezin hobean.

Arabako hiribildurik zaharrenean datza Gestaltza Añanako Gatz Harana, zeina duela 200 milioi urte itsaso itzel baten urek estaltzen baitzuten. Kultur paisaia bikaina (monumentua) aire zabalean, 5000 larrain baino gehiagok eratzen dutena, alegia, gesala (gatzura) isurtzeko plataformak, eguzkiak lurrunarazi ostean gatza ateratzeko. Zurezko erreten sare berezi eta zabal baten bidez banatzen da ura Gatz Haraneko lekurik urrunenetaraino.

Kultur paisaia honetako historian eta arkitektura harrigarrian paseatzea, eskuak eta oinak gesaletan bustitzea, gatzagetako langileen milaka urteko lanbidearen hasi-masiak bertatik bertara ezagutzea…horra zer egin dezaketen bisitariek. Aukera izango dute, orobat, natura eta ondare inguru pribilegiatu bat behatzeko. Kontuan hartu behar da Gatz Harana geologiako fenomenorik bitxienetako baten gainean datzala: diapiroa, alegia, zeinak, inguruaren gazitasunaren ondorioz, ekosistema bakana eratzen baitu.

Ez da ahaztu behar Gesaltza Añana ez dela gatz lantegia bakarrik, zeren, Gaubearako atea izateaz gainera, bere ondarean Erdi Aroko hondar arkeologiko ohargarriak baitauzka, orain aztertzen eta bere oneratzen ari direnak: burdinola, sutegi eta labe ezin hobeto gordeak; eliza bat, hainbat baseliza, eta Jerusalengo San Juanen ordena militarraren azken komentua, oraindik ere bizirik dagoena; hainbat jauregi, eta are gehiago, herri gunearen ondoan, duela hogeita bi milioi urte inguruko animalien eta landarediaren aztarnategi baliotsu bat.
 

Argibide gehiago Añanako Gatz Harana