Cookie

Urkiola Parke Naturala

Urkiola Parke Naturala

Urkiola Parkea ezagutu.

Urkiolako Parke Naturalak Aramotz Mendilerroko lursailik garaienak barne hartzen ditu. Kareharriz osatutako langa horrek Arratia, Durangaldea eta Aramaioko ibarra banatzen ditu. Era berean Kantauri isurialdeko eta Mediterraneo isurialdeko arroak banatzen ditu. Mendi hauen kokapen geografikoak eta fisiografiak paisaia malkartsua osatzen dute. Harkaitzak eta altuerako larreak dira nagusi eta mendi hegaletan eta magalean pinudi, artadi eta pago motzak daude.

Tradizio handikoa da Urkiolara joatea, urrutitik zein gertutik. Izan ere parkearen bihotzean dago San Antonio Abad eta San Antonio Paduakoari eskainitako santutegia.

Urkiolako gailurrek mendizaletasuna eta mendi ibiliak asko sustatu dituzte. Atxatxiki, Urrestei eta Alluitz mendien horma malkartsuak toki aproposa dira eskaladarako eta euskal mendizale handien haztegi gisa. Anboto da gailurrik altuena eta bisitari asko hartzen ditu. Hala ere, ausartenak bakarrik joaten dira iparraldeko horman dagoen Mariren koba ikustera. Beste kobazulo adierazgarri asko dago inguruan, besteak beste, Bolinkoba, Gentilkoba, Baltzola, Gentilen zubia, etab.

Hamaikatxo bide daude parkean ibiltzeko: Ibilbide luze eta ibilbide labur gisa markatutakoak, izaera didaktikoa dutenak eta parkeko bereziak direnak. Horiek guztiak azalpen esku paperetan jasota daude eta Toki Alain, Parketxean edo Informazio Zentroan eskuratu daitezke.

Aisialdirako azpiegituren artean pic-nic gune ugari aurki ditzakegu. Santutegian bi aterpe daude parkean gaua igaro ahal izateko, izan ere, libreki kanpatzea debekatuta dago. Inguruko herrietan jatetxe ugari dago eta betiko euskal sukaldaritzako jakiak ematen dituzte prezio onean. Lojamenduak ere badaude, horietako asko nekazal turismo moduan antolatutakoak.

Urkiolako Parke Naturala(Bizkaiko Foru Aldundia)

Aarhus Hitzarmenaren arabera, Ingurumeneko gaietan informazioaren eskuragarritasunari, erabakiak hartzeko
herritarren partehartzeari eta justizia erabiltzeari buruzko hitzarmena alegia, Urkiola Parke Naturalaren Erabilera eta
kudeaketa-jarduerak jendearentzat eskuragarri jartzen da.
  • Irudiak
    null