Familia ugariak

Familia ugaritzat jotzen da honakoek osatutakoa:

  • Aurreko ahaide bat edo bi eta hiru seme-alaba edo gehiago.
  • Aurreko ahaide bat edo bi eta bi seme-alaba, betiere, gutxienez horietako bat ezindua bada edo lanerako ezintasuna badu.
  • Aita eta ama ezinduak edo lanerako ezinduak izatea, edo gutxienez bietako batek ehuneko 65etik gorako ezintasun maila edo handiagoa edukitzea, eta bi seme-alaba edo gehiago izatea.
  • Banantze edo dibortzio kasuetan, hiru seme-alaba edo gehiago dituen aita edo ama, komunak izan edo ez, familia unitate ezberdinetan badaude ere, betiere, ekonomikoki bere mende badaude, ezkontideen bizilekuan bizi ez arren.
  • Aita edo ama eta bi seme-alaba edo gehiago, beste gurasoa hilik dagoela.
  • Bi anai-arreba umezurtz edo gehiago, tutoretzapean, harreran edo zaintzapean daudenean, tutorearekin, harreran hartu duenarekin edo zaintzailearekin bizi badira, baina haren kontura bizi ez direnean.
  • Hiru anai-arreba umezurtz edo gehiago, 18 urte baino gehiagokoak, edo bi, horietako bat ezindua bada, elkarrekin bizi badira, eta euren artean mendekotasun ekonomikoa badute.

 

Familia Ugariak hurrengo kategorietan sailkatzen dira:

  • Kategoria berezia: Bost seme-alaba edo gehiagoz eratutako familiak edo lau seme-alabakoak, baldin eta horietatik hiru erditze, adopzio edo harrera iraunkor edo aurreadopzio anitz berdinetik badatoz.
    Lau seme-alabako familiak kategoria berezi batean sailkatuko dira familia unitateko urteko diru-sarrerak, familia osatzen duen pertsona kopuruarekin zatikatuta, indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 gainditzen ez dituenean, ezohiko ordainsariak barne.
  • Kategoria orokorra: gainerako familia unitateak.

Sailkapenaren eraginetarako, seme edo alaba ezindu edo lanerako ezindu bakoitza bi bezala zenbatuko da.

Betekizunak

 

  • Banantze edo dibortzio kasuetan, hiru seme-alaba edo gehiago dituen aita edo ama, komunak izan edo ez, familia unitate ezberdinetan badaude ere, betiere, ekonomikoki bere mende badaude, ezkontideen bizilekuan bizi ez arren. Kasu horretan, familia ugariaren izaera onartzeko eskatzen duen gurasoak (ondorio horietarako berarekin batera bizi ez diren seme-alabak kontuan hartzeko proposatuz) ebazpen judiziala aurkeztu beharko du, seme-alaba horiei elikagaiak ordaintzeko betebeharra jasotzen duen ebazpena, hain zuzen ere.
    Gurasoak ez badira ados jartzen familia unitatean aintzat hartu behar diren seme-alabei buruz, bizikidetza irizpidea erabiliko da.
  • Seme-alabek ezkongabe izan behar dute, eta 22 urte baino gutxiagokoak (ikasketak luzatzea medio, 26 urte baino gutxiagokoak) eta familia ugariaren titulartasuna dutenekin bizi behar dute, edo ekonomikoki haien mende egon. Azken betekizun hori ez da kontuan izango honakoetan:
    • Semeak edo alabak gutxieneko soldata baino gehiagoko sarrerak ez baditu, edota, ezintasuna izanez gero, gehieneko hori baino pentsio handiagoa jasotzen ez badu.
    • Familia ugariaren titulartasuna duena lanerako ezgaitua baldin badago, erretiratua badago edo 65 urte baino gehiago baldin baditu, betiere, bere diru sarrerak gutxieneko soldata baino handiagoak ez badira.
    • Aurreko ahaide bakarra baldin badago eta jardunean ez baldin badago eta semeak edo alabak familia mantentzen laguntzen badu.
  • Seme-alabak ezkontide batenak edo bienak izan daitezke, naturalak edo adoptatuak.

 

Dokumentazioa

  • Eskabidea
  • Familia unitateko adindun guztien NANen fotokopiak.
  • Familia liburua aurkeztu behar da.
  • Ikasketa ziurtagiria (22 urte baino gehiago dutenentzat bakarrik)
  • Ezintasunaren ziurtagiria.
  • Ezkontidearen heriotza ziurtagiria, familia liburuan ez bada agertzen.
  • Banantze edo dibortzio kasuan:
    • Epaiaren eta hitzarmen arautzailearen kopiak, seme-alaben zaintza eta babespea egiaztatze aldera.
    • Bikote ohiaren baimen espresa, haurrak tituluan agertzea onartuz eta haren NANaren fotokopia.
  • Familia unitatea eratzen duten eta tituluan ageriko diren pertsona guztien erroldatze ziurtagiria (Vitoria-Gasteizko udalerrian erroldatutako pertsonak izan ezik).

 

Eta beste naziotasun bateko pertsonentzat, aurreko dokumentazioaz gain, zera aurkeztu beharko da:

  • Europar Batasuneko herrialdeetako kide izanez gero, Espainiako egoitza txartela edo lan ziurtagiriak.
  • Tituluan ageri diren kide guztien egoitza baimena eta atzerritar gisa bakoitzak duen identifikazio zenbakia, Europar Batasunekoak ez diren beste herrialde batzuetakoak izanez gero.

Eskatzeko modua

 

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak Araban eskumena dauka familia ugariei eman beharreko onurak arautzen dituen Legea kudeatzeko, izan ere, familia ugarien izaera aitortzeko eta dagokion titulua egiteko gaitasuna dauka.

 

Gizarte Informazio eta Arretako Bulegoa - San Prudentzio kalea, 30 zk.  - VITORIA-GASTEIZ
Telefonoa: 945 151 015 - Faxa: 945 121 074

Bestelako informazioa

 

Familia Ugariaren Titulua berritzea: Familia ugariaren titulua berritu egingo da familia unitateko kide kopurua aldatzen denean, betiere, horrek kategoriari eragiten badio.