Cookie

Valderejo Parke Naturala

Bidezidorren sarea

Valderejoko Parke Naturalak, eremu txikia izan arren –3.500 hektarea ditu ozta-ozta– askotariko paisaiak eta inguruneak biltzen ditu.

Bederatzi bide zidorrek osatutako sarean zehar ibiltariak babespeko gune honetako bazter ezin ederragoak topatuko ditu, bertako landareak eta animaliak ikusi ahalko ditu eta lurralde honetan bizi izan ziren eta gaur bizi diren gizakien tradizioei eta kulturari erreparatuko die. Ibilbide gehienak laburrak badira ere, batetik bestera igaro daiteke eta “ibilaldi luzeak” osatu.

Hainbat dira bisitaria parkeko goialdeetara eramango duten bideak –La Sierra, Vallegrull, Lerón edo Bóveda alderdietara doazenak–. Gain horietatik ikuspegi izugarri ederrak daude bai Valderejora eta bai inguruetako haranetara. Antzinako biztanleek euren aztarnak utzi zituzten gailur hauetan, besteak beste, San Lorenzo zelaiko tumuluak eta Lerongo iruinarria. Bide gehienak herriren batean hasten dira. Lau herri daude, batzuk erdi jausita (Villamardones eta Ribera) eta besteak oraindik “bizirik” (Lahoz eta Lalastra). Herriguneetan sartuz gero, ibiltariak begi aurrean izango ditu antzinako usadioak eta ohiturak; horietariko batzuek gaur egun indarrean diraute.

Purón ibaiaren ertzetik doan bidean aurrera, urak mendeetan zehar harrian landutako paisaia ederrak ikusiko ditu ibiltariak, begien gozagarri. Zenbait lekutan –Purón-Coronas bidea eta Portilla bidea– urak putzu txikiak egin ditu, gizakiaren laguntzaz zenbaitetan. Urmael horiek interes handiko bizidunen babesleku dira: anfibioak, hegaztiak, uretako landareak...

Badira baso zoragarriak ere –pinudi gorriak, pagadiak, artadiak...– Vallegrull, Purón, Portilla, Lerón eta Santa Ana ibilbiden alboetara han-hemenka. Litekeena da halako batean basoko animalia zolienetako batzuk topatzea: orkatza, lepazuria, mokokerra, arrabioa... Zerura begiratuz gero, zabiltzan bidetik zabiltzala ere, ia beti ikusiko duzu sai arrearen irudi liraina. Hegazti bakan honek kareharrizko labarretan egiten du habia, Vallegrull eta Leróngo inguruetan. Hain zuzen ere, ibilbideetako batzuk itxita egoten dira sasoi jakinetan, txitaldia egiten ari diren hegaztiek eragozpenik izan ez dezaten.

Hala bada, baso, larre eta mendietan zehar ibilita, erraz ulertzen da zergatik den Valderejo gaur Natura Eremu Babestua. Aldi berean garbi ikusten da denon ardura dela leku hau dagoen bezala zaintzea. Horrela etorkizuneko belaunaldietako jendea bide hauexetatik ibiliko da eta gu bezalaxe gozatu ahalko da paisaia berezi hauetaz eta, azken batean, Valderejok dituen ondasun natural guztiez.

Ibilbide Autogidatuak:
 
• Hegaztiak Behatzea (PDF, GPX)
• Botanikoa (PDF, GPX)
• Lerongo Mendatea (PDF, GPX)
• San Lorentzo (PDF, GPX)
  • Irudiak
    null