Documento

I - ARABAKO BATZAR NAGUSIAK ETA ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN FORU ADMINISTRAZIOA

Arabako Foru Aldundia

NEKAZARITZA SAILA

255/2018 Foru Agindua, ekainaren 5ekoa, onespena ematea diena Santiagoko 2018ko Azokan erakusle edota saltzaile gisa parte hartu nahi duten nekazari eta abeltzainentzako deialdi publikoko oinarriei
Argitaratuta: 2018/06/13eko 68. zenbakiko ALHAOn
Erreferentzia: ALHAO -2018-68-2222

Maiatzaren 26ko 194/2017 Foru Aginduaren bidez, Santiagoko Azokan erakutsiak edo salduak izan zitezen foru aginduan bertan jasotzen ziren betekizunak betetzen zituzten erakusgaien edo salgaien deialdi publikoaren oinarri arauak onartu ziren. Azoka hori Gasteizko unibertsitate campusean egin zen, 2017ko uztailaren 25ean.

Sail honek asmoa dauka 2018ko uztailaren 25ean Santiagoko Ohiko Nekazaritza Azoka egiteko. Azoka egitearen helburu nagusiak hauek dira: hiri inguruko biztanleei Araban lantzen, hazten, egiten eta transformatzen diren nekazaritza eta abeltzaintza produktuen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea, landa eremuak garatzeko orduan nekazariek eta abeltzainek duten garrantzi soziala baloratzea, eta Arabako ingurune naturala babestea eta gordetzea.

Tokiko ekoizpen tradizionala defendatzeko eta berreskuratzeko helburu hori indartzeko eta gure lurraldeko ekoizpen eta gastronomia ondarearen gaineko sentsibilizazio ikuspegi bat txertatzeko asmoz, Slow Food - Arabako Conviviumek antolaketan eta Ekoizleen Hautaketa Batzordean parte hartzen du.

Azoka Gasteizko unibertsitate campusean egingo da.

Bitarteko honen bidez deialdi publikoa egiten zaie azokan erakusle edota saltzaile lanetan parte hartu nahi duten ekoizleei.

Produktua merkaturatu ordez beren jarduera (ganadua, landa elkarteak, makina zaharrak edo bestelako jarduerak) erakutsi nahi duten beste erakusle batzuk deialditik kanpo geratuko dira; horiek, azokan egon ahal izateko, antolatzaileen gonbidapena jaso behar dute.

Administrazio publikoen laguntzak edo prestazioak ematerakoan, publizitatearen, gardentasunaren, lehiaketaren, objektibitatearen, berdintasunaren eta bazterketa ezaren printzipioak bete behar dira. Bada, printzipio horiek betetzen direla bermatzeko, Santiagoko 2018ko Nekazaritza Azokako parte hartzaileen hautaketa sistema ezarri da, ebazpen honekin batera doazen oinarrietan xedatutakoarekin bat etorriz.

Aginduzko txostenak aztertu dira; horregatik, eta dagozkidan ahalmenak erabiliz, hau

XEDATZEN DUT

Lehenengoa. Santiagoko 2018ko Azokan erakusle edota saltzaile gisa parte hartu nahi duten nekazari eta abeltzainentzako deialdi publikoko oinarriak, ebazpen honi erantsi zaizkionak, onestea.

Bigarrena. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi honen iragarkia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Gasteiz, 2018ko ekainaren 5a

Nekazaritza Saileko foru diputatua

Eduardo Aguinaco López de Suso

Nekazaritza zuzendaria

María Asunción Quintana Uriarte

SANTIAGOKO 2018KO NEKAZARITZA AZOKA

EKOIZLE ETA ERAKUSLE LANETAN PARTE HARTZEKO DEIALDI PUBLIKOA

1. Salgaien ekoizleek eta erakusleek bete beharreko betekizunak

1.1- Ekoizleek eta erakusleek hauetako baldintzaren bat bete beharko dute:

- Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean edo Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean erroldatua dagoen nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko kide izatea.

- Nekazaritzako elikagaiak ekoizten dituzten kooperatiba edo elkarteetako kide edo langile izatea, baldin eta nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategietakoak badira kooperatiba edo elkarte horietako bazkiderik gehienak. Taldea edo taldeko bazkide diren ustiategiak Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean edo Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean erroldatuta egongo dira.

- Artisau elikagaien edo elikagai maneiatu edo eraldatuen ekoizkinek hauek bete beharko dituzte:

Ekoizle eta erakusleak Arabako Lurralde Historikoan egiten du produktuaren maneiaketa edo eraldaketa.

* Ekoizpenean erabiltzen diren lehengaiak batez ere ustiategian bertan ekoitzitakoak dira. Salbuetsi egingo dira ogia, gozokiak, hestebeteak eta garagardoa.

* Nekazaritza elikagaien artisau enpresako langileen artean familia barruko langileak kanpokoak baino gehiago izango dira.

Antolatzaileek berariaz gonbidatu ahal izango dituzte ekoizleak, nahiz eta horiek aurreko betekizun guztiak ez bete, baldin eta haien ekoizkinen berezitasuna dela-eta interesekoak badira.

1.2. Horiez gain, ekoizleek eta erakusleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

- Zerga egoitza Araban izatea.

- Azokan beren ustiategian ekoitzitakoak edo artisau jardueran egindako ekoizkinak erakutsi eta salduko dituzte soilik.

- Saltokiaren ardura duten pertsonak ustiategiko, taldeko edo enpresako kide izango dira.

- Saltokiaren ardura duten pertsonek elikagaien manipulatzaile txartela edo haren baliokidea den higiene edo osasun prestakuntza ziurtagiria izango dute.

- Antolatzaileek zehaztutako ordutegian izango dira saltokian.

- Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

- Jarduera ekonomikoaren arriskuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko asegurua izatea.

- Salgai diren produktuak arautzen dituen araudiak finkatutako betekizunak betetzea.

- Aplikagarri diren arau teknikoak eta sanitarioak betetzea, bai salgai diren produktuei bai instalazioei dagozkienak.

- Eskaera beteko dute parte hartzeko, bai eta betekizunak betetzen dituztela adierazten duen zinpeko aitorpena ere. Zinpeko aitorpenean adierazitakoa ez betetzeak berekin ekarriko du hurrengo azoketan parte hartzeko ez onartzea.

2. Parte hartzaileak hautatzea

Finkatutako epearen barruan jasotzen diren eskaera guztiak onartuko dira, baldin eta onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte eta produktu mota bakoitzerako finkatu den gehieneko erakusle kopurua gainditzen ez bada.

Arabako produktu esanguratsu guztiek parte hartzen dutela bermatzeko, eta postuen kopurua dagoen lekuaren arabera mugatzeko asmoz, ondoko parte hartze mugak ezarriko dira produktu motaren arabera:

Produktu mota

Erakusle kopurua gehienez

Olioa

4

Behi eta zaldi haragia eta eratorriak

5

Barraskiloak

1

Txerri hestebeteak eta odolosteak

2

Arabako Errioxako ardoa, Errioxa JDKduna

4

Araba JDko txakolina

4

Sagardoa edo sagar ura

3

Garagardoa

2

Patatak eta ortuariak

7

Lekaleak

4

Gatza

1

Eztia

3

Idiazabal JDko gazta

10

Beste gazta batzuk

4

Eskualdeko salgaiak

3

Ogia eta gozokiak

9

Guztira

66

Deialdian ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskaera egileen gehieneko kopurua txikiagoa bada Hautaketa Batzordeak aurreikusitako kopurua baino, epe barruan eskaera egin ez duten baina betekizunak betetzen dituzten arabar ekoizleak gonbidatu ahalko dira. Prozedura horren bidez ere kupoa beteko ez balitz, beste ekoizkin mota batzuen ekoizle kopurua handitu egin ahal izango litzateke, aurreko mugak gainditu arren.

Gainera, Hautaketa Batzordeak ekoizleak gonbidatu ahal ditu, baldin eta onartuak izateko deialdian ezarritako betekizunak bete ez arren bereziki interesgarritzatjotzen baditu, esaterako ezaugarri hauek betetzen dituztelako, besteak beste:

Araban berria den ekoizpena.

Artisau erako ekoizpena, desagertzeko arriskuan dagoena, gure elikadura ondarea eta gure askotarikotasuna aberasten dituena.

Merkatu ekologikoan edo tokiko merkatuan ikuspegi berriak aurkezten dituzten ekoizpenak.

Jasotako eskaera kopurua deialdirako eskuragarri dagoen saltoki kopurua baino handiagoa bada, bai orokorrean bai produktu mota bakoitzeko, BatzordeAntolatzaileak eskaerak baloratu eta lehentasun irizpideak aplikatuko ditu, 4. idatz zatian finkatutakoa betez. Puntuazio handiena lortzen duten eskaerak hautatuko dira, eskuragarri dagoen saltoki kopurua gainditu gabe.

3. Ekoizleak hautatzeko batzordea

Aurreko 1. idatz zatian ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileen artean Santiagoko 2018ko Azokan ekoizle, erakusle eta saltzaile zereginetan parte hartuko duten pertsonakhautatzeko, hautaketa batzorde bat eratzen da, kide hauek osatua:

- Nekazaritza Sustapenaren Atalaren burua.

- Nekazaritza Garapenerako Zerbitzuaren burua.

- Abelazkuntza Atalaren burua.

- NekazaritzaZuzendaritzako teknikari bat.

- Slow Food -Arabako Conviviumeko lehendakaria.

4. Hautapen irizpideak

Arauzko eskaera eta zinpeko aitorpena NekazaritzaZuzendaritzara epe barruan bidaltzen dituzten eskatzaileen artean, lortzen duten puntuazioaren arabera hautatuko dira (handienetik txikienera), azokako parte hartzaileak eta ordezkoak zehaztu ahal izateko, irizpide hauek erabiliz:

1. Kalitate bereiziko marka ziurtatua edukitzea: 8 puntu

2. ENEEKeko Nekazaritza Ekologikoko Eragileen Zentsuan izena emanda egotea: 8 puntu

3. Tokiko produktu tradizionala edukitzea, bertako espezie eta arrazekin egina,
eta artisautzakoak diren edo industrialak ez diren metodoen bitartez: 7 puntu

4. Ustiategiko titularra emakumea izatea: 5 puntu

5. Nekazaritza ustiategiko titularra nekazari gaztea izatea (41 urtetik beherakoa): 5 puntu

6. Hautatzen den produktu motaren taldean Arabako zazpi kuadrilletakoren batean
dagoen nekazaritza ustiategi bakarra hori izatea: 3 puntu

Salgai bera dela-eta puntu kopuru bera lortuz gero, zozketa egingo da, eta esleipendun ez dena ordezko geratuko da.

5. Erakusketaren eta salmentaren baldintzak

Antolatzaileek erabakiko dute zein postu hartuko duen erakusle bakoitzak.

Hautatzen diren ekoizleak edo, bestela, dei egiten zaien ordezko pertsonakbakoitzari dagokion postuan egon behar dira, produktua erakusten (eskainitako produktu guztiak amaitu ezean), azoka egiten den eguneko 10:00etatik 14:30era.

Santiagoko Nekazaritza Azoka eguneko (uztailaren 25a) 09:00ak baino lehen egongo dira azokan erakusleak, esleitu zaien postua prestatzeko.

- Saltoki bakoitzak toki ikuserrazean izango du osasun erregistroa edo baimen sanitarioa, halakorik eskatzen duten salgaiak izanez gero.

- Salgai bakoitzak bere salmenta prezioa izango du edo, bestela, kartel bat jarriko da toki ikuserrazean saltokiko salgai guztien prezioekin.

- Bildu edo paketatu gabeko salgaiak eskaintzen badira, hala nola gozokiak, salgaiak babesteko sistemaren bat izango da, ikusleek kutsa ez ditzaten.

6. Eskaera aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

6.1. Hamabost (15) egun baliodun izango dira, ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

6.2. Arabako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean edo eskualdeetako nekazaritza bulegoetako erregistroetan aurkeztuko da eskaera, foru agindu honetan jasotzen den ereduaren arabera.

6.3. Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

* Jarduera komertzialaren arriskuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko asegurua.

* Produktuen osasun erregistroa edo baimen sanitarioa (halakorik behar izanez gero).

* Elikagaiak manipulatzen higiene edo osasun prestakuntza duela egiaztatzen duen agiria.

* Nekazaritza Sailari ez bazaio baimenik ematen zuzenean lortzeko, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean direneko ziurtagiria.

7. Produktua salduko duten ekoizle eta erakusleak hautatzea

Hautaketa Batzordeak produktu mota bakoitzeko parte hartzaileak hautatuko ditu. Ordezkoak ere hautatuko ditu (parte hartzaileen kopuru berean), hautatutako pertsonakordezkatzeko, baldin eta azokara ez direla joango 2018ko uztailaren 15a baino lehen jakinarazten badiote Arabako Foru Aldundiko NekazaritzaZuzendaritzari.

Santiagoko Nekazaritza Azokako produktuen ekoizle eta erakusleak hautatzeko proposamena egiten denean, Nekazaritza Saileko foru diputatuaren foru aginduz zehaztuko da pertsona horien zerrenda eta, balego, ordezkoena, produktu motaren arabera.

Ekoizleak HautatzekoBatzordeak sasoiz jakinaraziko die eskatzaileei hautatuen zerrenda.

8. Saltokirik onenaren lehiaketa

Saltokirik onenaren lehiaketa jartzen da abian, non hauek balioetsiko diren, besteak beste: saltokiaren diseinuaren originaltasuna, salgaiaren aurkezpena, argibideetan eta etiketetan gardentasuna eta saltzailearen janzkera.