Cookie

Biztanleria

XX. mendea, hazkunde historikoa

Arabako historia osoko hazkunderik handiena XX. mendean izan zen. Hain zuzen ere, 1900ean 100.000 biztanle zituen, eta gaur egun, berriz, 300.000 baino apur bat gehiago. Bertako 315.525 biztanleek eta 3.037 m2-ek 104,50 bizt./km2-ko batez bestekoa egiten dute.

 

Industrializazio berantiarra

Mesetara igarotzeko lurraldea izatearen eta migrazio balantza negatiboa edukitzearen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderik handienak XX. mendeko bigarren erdira arte itxaron behar izan zuen, ondoan dituen Gipuzkoa eta Bizkaia lurraldeetako industrializazioaren eraginak nabaritzeko.

Industrializazioa Gasteizen kokatu zen, batez ere; baita Laudion eta Amurrion ere. Horrela, hazkunde demografikoaren aldi berria ireki zen.

1950ean, lanik gehien ematen zuen sektorea nekazaritza zen (%42,4), eta arlo horretan Arabak EAEko itsasertzeko probintzien ehunekoak gainditzen zituen. Industrian eta eraikuntzan, berriz, Arabako langileen %30,5 baino ez zebilen, eta zerbitzuetan %27,1.

Industrializazio prozesuaren gorakada 1975ean gelditu zen agerian. Urte horretarako, biztanleria aktiboaren erdia baino gehiago sektore horretan zebilen lanean. XXI. mendean sartu arte, Hirugarren sektoreak indarra hartu du Arabako gizartean, arabar aktiboen %60 ari da sektore horretan lanean; industria sektoreko ehunekoa %32 da eta nekazaritzakoa %2 (beheranzko joera nabaria).

 

Biztanleriaren kontzentrazioa

Beste bi lurraldeetan biztanleriaren banaketa handiagoa izan arren, Araban biztanleria hiriburuan kontzentratzen da, Gasteizen; bertan, hain zuzen ere, arabarren hiru laurdenak baino gehiago bizi dira.

Industria jarduera duten herri batzuk kenduta (adibidez, Laudio, Amurrio edo Agurain), Arabako lurraldearen zatirik handienean barreiaturiko herri txikiak daude, landa ingurukoak eta biztanle kopuru urrikoak (100-1.000 biztanle bitartekoak).

 

Gasteiz, hiri eredua

Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua da 1980tik, eta EAEko erakunde nagusiak bertan daude; Gasteiz bizi kalitaterik oneneko hirietarikoa da Europa osoan. Hirigunearen hazkunde orekatua eta bertako eremu berde handiak kontuan hartuta, administrazio, zerbitzu eta merkataritza hiri erosoa eta adeitsua da, eta oinezkoarentzat pentsatuta dago.

 

Kuadrilla banaketa

Arabako kuadrillak Arabako Lurralde Historikoa zatitzen duten eskualdeak dira; erakunde historiko hauen eginkizun nagusia bertako biztanleen beharrizanak administratzea eta horiei erantzuna ematea da, batez ere landa inguruetan.

Arabako lurraldeko sistema berezi hau XVI. mendean sortu zen. Horren barruan toki ermandadeak eta udalak sartzen dira, zerga ondoreetarako eta Arabako administrazioko kargu garrantzitsuak hautatzeko.

Gaur egun dauden 7 kuadrillak honako hauek dira:

  • Añana
  • Aiara
  • Kanpezu-Arabako Mendialdea
  • Biasteri-Arabako Errioxa
  • Agurain
  • Gasteiz
  • Zuia

Eraketan eskualde bakoitzeko udaletako hautesleek hartzen dute parte, eta eskualdeko kontseiluetan biltzen dira. Partaidetza eta kontsulta organoak dira, eta kuadrillen, Arabako Batzar Nagusien eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lotura tresnatzat dihardute.

Kuadrillek, horrenbestez, eskualde bakoitzeko lurralde interesak biltzen eta ordezkatzen dituzte, eta, neurri handian, jatorrizko izaera mantendu dute.
 

  • Irudiak
    null