Cookie

Artea eta kultura

Artea eta kultura

Araban kultura ondare aberatsa eta anitza dago. Bidegurutze historiko batean kokatuta dagoenez, historiaurreko aztarnategietatik abangoardiako adierazpenetara aurkituko ditugu bertan, Erdi Aroko hiribilduetatik eta historiako beste aztarna batzuetatik igarota.

 

Museo sarea

Arabako museo sarean lurraldeko artea, historia eta tradizioak bilduta eta azalduta daude.

Gasteizen, bi arte museok elkar osatu eta garai desberdinetako bildumak eskaintzen dituzte. Alde batetik, Arte Ederren Museoak pintura eta eskultura bilduma bikaina eskaintzen du, batez ere azken mendeetako ohitura pinturaren bilduma. Horren Augustín jauregiko geletan Zuluagaren, Amarikaren, Diaz de Olanoren, Maezturen eta Salvador Aspiazuren lanak daude, besteak beste.

Bestalde, ARTIUM Arte Garaikidearen Zentroa-Museoa dago. Museoa baino gehiago, artearen zentro bizia da, eta kultura ikuskizun asko egoten dira; gainera, sorkuntza eremuak eskaini eta zabalkundeko tailerrak antolatzen ditu nahi duten guztientzat. Bertako bildumaren barruan, aipagarriak dira XX. mendeko artista ospetsuen lanak; adibidez, Miró, Picasso, Chillida, Oteiza, Saura, Tapies, Bardeó eta Cristina Iglesias, etab. Halaber, zenbait belaunalditako artista arabarren lanak ere baditu, eta aldi baterako erakusketen programazio zabala ere bai.

Hiriburutik irten gabe, Arma Museoak borrokan erabilitako armen eta arrioen bilakaera kronologikoa azaltzen du. Erakusketan historiaurreko armetatik nahiz tresnetatik armadura eta uniforme garaikideetara ikus daitezke, ekialdeko eta arabiarren garaiko armetatik igarota; Afrika erdialdeko batzuk ere ageri dira.

Erdi Aroko hirigune historikoan, Otxanda andrearen dorrean Natura Zientzien Museoa dago, eta horrek balio handiko bilduma botanikoak, zoologikoak eta geologikoak ditu. Fournier Karta Museoa (mundukorik onenetarikoa) ere berezia da, eta Bendaña jauregian kokaturik dago. Auzotar aipagarri batekin partekatzen ditu liburutegia eta egintza aretoa: Arkeologia Museoarekin. Karten museoaren ondoan, Patxi Mangado arkitektoaren kobre formako eraikin batean, Arabako aztarnategietan aurkituriko aztarnen bildumaren erakusketa egiten da. Arabako historiaren laburpena da, Paleolitikotik Erdi Aroko hiribilduen sorrerara arte.

Hirigunetik kanpo, Florida parkearen ondoan, Sortzez Garbiaren Katedral Berrian Arabako erlijio ondareko artelanak daude, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan. Bertan, hilobi elementuak, erlijio altzariak, elementu arkitektonikoak, taillak, pintura, urregintzako piezak eta abar ikus daitezke.

Gasteizen, gainera, eskultore askoren eskulturek eta estatuek (esaterako, Oteiza, Ibarrola, Chillida, Casto Solano, Nestor Basterretxea, etab.) harrituta uzten dituzte kaletik dabiltzan oinezkoak.


Legatu historikoa

Erdi Aroko iraganak presentzia handia dauka Gasteizeko, Laguardiako, Artziniegako, Labranzako eta Aguraingo hiriguneetan. Bertako dorretxeek, jauregiek, tenplu gotikoek eta inguruko harresien aztarnek hiribildu horiek iraganeko defentsa lanetan izandako garrantzia adierazten dute.

Legatu historikoaren zati batek berrikuntza prozesu garrantzitsuak izan ditu. Horren adibide nagusia, nazioarteko zenbait sari lortu dituena, Gasteizeko Andre Mariaren katedralarena da. Tenplua muino baten gainean kokatuta dago; muino horrexetan sortu zen hiria 1.181ean, eta hiriko historiaren lekuko pribilegiatua izan da. “Obrengatik irekita” izeneko bisitaldi gidatuen programak berebiziko aukera ematen du zaharberrikuntzaren barruak eta lanak ikusteko.

Gesaltza Añanako Haran Gezia ere zaharberrikuntza prozesuan dago; Arabako hiribildurik antzinakoena da. Bertako iturburu gaziak 822. urtean dokumentaturik daude, arabiarrek zona okupatu baino lehenago. Hala ere, gatzaren sorkuntzaren eta merkataritzaren eraginez, Erdi Aroan hiribildua Penintsula iparraldeko hiririk jorienetarikoa izan zen.

Larrainak, balkoi zurien itxurarekin, zurezko pilareekin eta harrizko hormekin euskarrituriko plataformak dira, eta taldeka antolaturik daude. Gaur egun, 150 larrain inguruk artisautza ustiapena dute eta Monumentu Historiko izendaturik daude.

Probintziako aztarnategi arkeologiko nagusiak La Hoya aztarnategia eta Iruña-Veleiako oppiduma dira. Lehenengoa Laguardiatik hurbil dago; bisitatu egin daiteke eta K.a. 1200etik K.a. 250ra bitarteko herri bat izan zena agerian (kaletxo ordenatuak eta bizitasun handiko eguneroko bizitza) jartzen duen museoa dauka.

Bigarren aztarnategia ere irekita dago, jendeak ikusi ahal izateko; Iruñako erromatar hiria bertako harresien, mosaikodun etxeen eta kaleen bidez ezagutzeko aukera ematen du. Gasteizetik hurbil dago eta, bertara, Trespondeko hamahiru begiko erromatar zubitik heltzen da.

 

Jaialdiak

Araban kultura eskaintza anitza eta kalitate handikoa dago, gehienbat hiriburuan; hain zuzen ere, nazioarteko hitzorduak daude finkatuta. Esate baterako, Gasteizeko Jazz Jaialdia, uztailean ospatzen dena. Kontzertu handiekin batera, “Jam Sessions izenekoak daude, hiriko tabernek eskaintzen dituztenak. Jaialdi hori Europako eta AEBko kalitaterik handieneko emanaldien klubean dagoen bakarra da Penintsula osoan.

Hiriko kultura hitzordurik aspaldikoena Nazioarteko Antzerki Jaialdia da. Irailetik azarora bitartean izaten da, eta programaren barruan helduentzako muntaketak, familia antzerkia, estreinaldi nagusiak eta nazioko zein nazioarteko azken lanik garrantzitsuenak sartzen dira.

Haurrek ere hitzordua dute, ekaineko azken astean eta uztaileko lehenengoan: Nazioarteko Jolas Jaialdia. Hiriburuko kaleak betiko jostailuekin, munduko jolasekin, bideo-kontsolekin edo kirol jolasekin betetzen dira, munduko jolas jaialdirik handiena ospatzen denean. Bederatzi egunetan adin guztietako pertsonak poz-pozik ibiltzen dira, eta, gainera, balio positiboak ikasten dituzte.

2001ean Azkena Rock Jaialdia sortu zen, eta dagoeneko rockaren erreferentea da estatuan eta nazioartean. Izandako arrakasta handiaren gakoetariko batzuk honako hauek dira: antolatzaileen apustu pertsonala, moden gorabeheren mende ez dauden ikus-entzuleak eta urtero rockaren historia berria idatzi duten musika taldeetariko batzuekin osaturiko programa.

Iraganeko garaien melodiek ere jaialdia dute: Gasteizeko Antzinako Musikaren Astea. Iraileko jardunaldi hauetan, San Pedro elizan Erdi Aroko, Barrokoko edo Errenazimentuko musika entzuten da, ahots bikainekin lagunduta, berebiziko akustika duen tenplu batean.

Halaber, iraileko lehenengo astean, probintzia kantuz betetzen da, Arabako Nazioarteko Koral Jaialdiari esker. Parte hartzen duten koralek kontzertu asko eskaintzen dituzte, foru lurraldeko zenbait herritan.

Argazkigintza eta kazetaritza elkarri lotuta daude “Periskopio” deritzonean; kultura hitzordu hau gero eta sustraituago dago Arabako hiriburuan. Munduari nazio askotako erreportari grafikoek egindako argazkien bidez begiratzea proposatzen digu. Urritik abendura irudiek erakusketa aretoak bete eta Gasteizeko kaleetara irteten dira.
 

  • Irudiak
    null