Cookie

Erdi Aroko Araba

Erdi Aroko Araba

Araban Erdi Aroko harresiak kontserbatu dituzten hiribildu asko daude, erresumen arteko gatazkak eta nobleen arteko liskarrak gogorarazten dituztenak; hiribildu horietan jauregiak, elizak eta beste eraikin batzuk ere badaude.

Araba toponimoari buruzko lehenengo erreferentziak

Araba toponimoari buruzko lehenengo erreferentziak Alfontso III.aren Kronikan ageri dira; IX. mende amaieran idatzitako kronika da. Bertako testuetan, Asturiaseko Alfontso I.ak VIII. mendean egindako kanpainei buruz mintzatzean aipatzen da Araba. Hala eta guztiz ere, Lautadako lurrak identifikatzeko aipamena izan daiteke hori, Gasteizko iparraldeko eta ekialdeko lurrak; horiei, gero, Aiara, Trebiñu, Arabako Errioxa eta Baia ibaiaren ekialdeko zona batu zitzaizkien.

 

Bidez eta mugaz beteriko lurra

Erdi Aroan eta Goi Erdi Aroan, lurraldeak eskualde mugakideetan sorturiko indar politikoen eragina nabaritu zuen; adibidez, Asturiaseko erresuman, Nafarroan eta Gaztelan sorturiko indarren eragina. Arabako lurraldea salbu gelditu zen Alfontso I.ak Asturiaseko erresumaren eraginpeko zona handietan egindako birpopulatzeetatik. Baina ez zen Penintsula osoan iparralderaino azkar hedatutako musulmanen erasoetatik salbu gelditu. Jaunen gaztelu eta dorre sendoekin babestuta, Arabako lurrak bertako kondeek kontrolatu zituzten beti, eta konde horiek harremanetan zeuden Asturiaseko erreinuarekin. X. mende hasieratik, lurrak kristauen eta musulmanen arteko mugaren atzealdean gelditu ziren behin betiko; aldi berean, lurrok Done Jakue bideko erromesen nahitaezko igarobide bihurtu ziren.

 

Gaztelaren eta Nafarroaren artean

X. mendetik aurrera agerikoak izan ziren Gaztelaren eta Nafarroaren eraginak. Orientazio monarkiko desberdineko kondeen alternantziaren arabera, Arabako lurraldearen subiranotasuna erresuma bataren edo bestearen esku egon zen. Nafarroako Antso VI.aren gobernuarekin, eta Arabaren defentsa segurtatzeko, hiribildu batzuk sortu ziren; horien artean, aipagarriak dira Laguardia, Gasteiz, Antoñana, Bernedo eta Argantzun.
Gaztelako Alfontso VIII.ak erreakzionatu egin zuen, Nafarroaren presentzia ikusita. Horrela, 1199tik 1200era, Arabako nobleekin negoziatu ondoren, horiek haserre baitzeuden Nafarroaren politikarekin, Arabako lurralde ia osoa eskuratu zuen; horrela, Araba (Arriagako kofradiaren mendeko lurraldea izan ezik) Gaztelako erresuman behin betiko sartuta gelditu zen (aldi labur bat kenduta).

 

Arabako nobleziaren azken gotorleku feudala

Araba osoa ez zen Gaztelako erregearen esku gelditu. Koroak emandako foruak zituzten hiribilduek menderaturiko lurralde horren aurrean, Arriagako kofradiak osaturiko eskualdearen antolamendua oinarri feudalekoa zen; merindadeetan antolaturik zegoen eta bertako jaunek ekintza juridikoetarako eskumena zuten. Antolamendu horren barruan, Arabako nobleziako abizen ospetsuak egon ziren; esaterako, Rojas, Mendoza eta Ayala, baita lerrun txikiagoko nobleak eta mendeko nekazariak ere. 1332an, Kofradia berez desegin zen, eta lurrak Alfontso XI.ari eman zizkion. Arriagako itun horren bidez, Arabak behin betiko lurralde profila lortu zuen.