Cookie
2016/12/19


Diputatu nagusiak harrera egin die, gaur, Araban adingabeei abegi egin dieten familiei, eta esker ona agertu die 120 adingabe zainduz erakutsi duten elkartasun eta konpromisoagatik.
Ramiro González Arabako diputatu nagusiak esker ona agertu die gaur adingabeei harrera egin dieten familiei, Araban 120 adingabe zaintzean erakutsi duten elkartasun eta konpromisoarengatik. “Esker ona agertu nahi dizuet zuen ekarpen ordainezinarengatik, zuen elkartasunagatik eta eguneroko lanagatik, askotan ikusezina izaten baita Arabako gainerako jendartearentzat", adierazi du Arabako Foru Aldundiak talde horri eskaini dion harrera ofizialean. Ekitaldia jai giroan egin da, neskato-mutiko adingabeak bertan zirela.
 
“90 familia inguru zarete zuen etxeko ateak ireki dizkiezuenak 120 neskato-mutikori”. Lagundu, maitatu eta zaindu egin duzue haietako bakoitza, eta izan dira zailtasunak egiteko horretan, baina konpromiso maila handiarekin gauzatu duzue, eta hori dela eta, oso harro nago zuon guztiongatik”, adierazi du diputatu nagusiak. Ramiro González orobat zuzendu zaie neskato-mutikoei, eta gogorarazi die ezen, “zenbait egoera zail igaro behar izan duten arren”, badituztela familia batzuk “eurak maitatzen eta zaintzen" dituztenak.
 
Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak, bestalde, dei egin die Arabako Foru Aldundiaren harrera programa batean parte hartu eta “konpromisoa hartu nahi duten” arabar pertsona eta familia guztiei. “Hemen dira oraindik 11 neskato eta mutiko familia baten zain, eta edozein pertsonak parte har dezake esperientzia honetan, bere maitasuna emanez eta bere etxeko ateak irekiz”, adierazi du.
 
Diputatu nagusiak, ondoren, neskato-mutikoek eurek egindako collage batzuk entregatu ditu, eta jaiak aurrera egin du hainbat ekitaldirekin, hala nola karaokea, opariak ematea eta Aker Baskonia taldearen maskotaren ustegabeko presentzia.
 
  • Irudiak
    null

Honekin lotutako informazioa