Cookie
2016/12/16


Gabonetako artisautza azokan, hogeita hamar inguru postu eta musika bizia izango dira aurten
Cristina González diputatuak feriaren 20. aldiari emango dio hasiera

Gabonetako artisautza azoka gaur hasiko da Probintzia plazan, eta hogeita hamar bat postu izango dira bertan; berritasun nagusi gisa, musika bizia, ostiralero, arratsaldeko zortzietan. Azokak hogeigarren aldia du aurtengoa, Arabako Artisautza Sustatzeko Elkarteak antolaturik (ARTISAU), eta Arabako Foru Aldundiaren babesa du.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak eta Sonia Sanz ARTISAU elkarteko presidenteak gaur goizean inauguratu dute azoka, eta postuz postu ibili dira, artisauak eta haien lana bertatik bertara ezagutuz. Gonzálezek eta Sanzek artisauek egiten duten lanaren balioa jarri nahi izan dute agerian, eta bai ere tokiko kulturaren alde eta betiko lanbideei eustearren egiten duten ekarpenaren balioa.
 
Gonzálezek, hala, arabarrak animatu ditu hurbil daitezen Gasteizko Probintzia plazan dagoen karpara sortzaile horien lana ezagutzera, haien bitxiak, zeramikak eta jantziak mirestera. "Azoka hau erakusleiho paregabea da arabar artisautza ezagutzera emateko jendartean, eta, gainera, motor baliotsua da sektoreko salmentei bultzada emateko gabon inguruko egun baitezpadako hauetan”.
 
“Artisautza aukera paregabea da eguberrietako opariak egiteko. Artisau bati erosiz, gainera, ez da salgai huts bat erosten: saiakuntzetan emandako orduak erosten dira, frustraziozko egunak, alaitasun hutsezko uneak, artisautzako gai hori sortu duen sortzailearen zati bat eramaten da etxera”.
 
Gabonetako artisautza azokan, gainera, 27 postu izango dira, larruki, zeramika, margolan, marrazki, txotxongilo, eskultura, beira, lore idor, zura edo jantziak lantzen eta saltzen. Berrikuntza nagusia, hogeigarren aldi honetan, musika biziaren eskaintza izango da, jazz hirukote baten eskutik, ostiralero, arratsaldeko zortzietan.
 
Bigarren berritasuna da Arabako Foru Aldundiaren stand bat, 2016ko Blas de Arratibel Artisautza sariketako hiru obra sarituak edukiko dituena erakusgai; gainera, sari horiek banatzeko ekitaldia ere azoka egunetan egingo da.
 
Azokan izango diren artisauen erdiak arabarrak dira, bai Gasteizkoak, bai beste herri batzuetakoak ere, hala nola Amurrio, Manurga, Murgia edo Inoso, eta, gainerakoak, Gipuzkoatik eta Bizkaitik datoz, eta baita ere Nafarroatik, Kataluniatik, Galiziatik, Valentziatik, Gaztela Mantxatik eta Gaztela Leondik.
 
Gabonetako Artisautza Azoka datorren urtarrilaren 6a arte egongo da irekita, goizean 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 21:00etara; itxita egongo da, ordea, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean.
 
  • Irudiak
    null