Cookie
2016/12/02


Aldundiak foileto bat argitaratu du Artziniegako Jaiotzen XVIII. Erakusketa sustatzeko
Cristina González foru diputatua erakusketan izan da eta bere aberastasuna eta aniztasuna goratu ditu
Gasteiz, 2016ko abenduaren 2a. Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua Artziniegako Jaiotzen XVIII. Erakusketan izan da gaur eta haren aberastasuna goratu du, bost kontinenteetako 1.800 jaiotza baino gehiago jasotzen baititu. Gonzalezek foileto bat eman die bertako arduradunei, hain zuzen, foru aldundiak erakusketa ezagutarazi eta sustatzeko helburuarekin argitaratua.
 
 
Foru erakundeak ekimen hori hartu du kontuan izanik erakusketa urtetik urtera gero eta garrantzitsuagoa dela, “nazio eta nazioarte mailan jaiotzen erreferentzia” bihurtu arte. “Aurtengo edizioak eskulangileen 204 jaiotza berri jasotzen ditu eta beti bezala muntaketetan arreta bikainari eutsi dio, mundu osoko herrien etnografia eta antropologia aintzat hartuta”.
 
“Uste dugu ahaleginak egin behar zirela lan eskerga hau ezagutarazteko eta arabarrak eta bisitariak hurbil daitezen Artziniegako Santxotena lantegi-museora, erakusketaz gozatzeko”, adierazi du Cristina Gonzalezek.
 
Gonzalez erakusketan zehar ibili da Teresa Lafragua Santxotena lantegi-museoko zuzendariarekin batera, eta hainbat herrialde -Peru, Errusia, India, Thailandia edo Etiopia- eta autonomia erkidegotako artisauek egindako muntaketak miretsi ditu. Erakusketa zubiko aste osoan, abenduaren 3tik 11ra bitartean, egongo da zabalik, eta gero ostiral, larunbat eta igandeetan 2017ko urtarrilaren 31ra arte.
 
 Foru aldundiak argitaratutako foiletoak informazio hori jasotzen du euskaraz eta gaztelaniaz, eta azpimarratzen du erakusketak balioztatu egiten duela jaiotza elementu kultural gisa, erakusten dituena modu fidagarrian munduko ohiturak, jantziak, material tipikoak eta lanbideak. Arabako Lurralde Historikoko turismo bulego nagusietan egongo da eskuragarri foiletoa.
 
 
  • Irudiak
    null