Cookie
2016/11/21


Ingurumen Sailak 4,7 milioi euro erabiliko ditu saneamendu eta hornikuntza azpiegituretarako
2017ko aurrekontuan Aldundiak aurreikusi du, beste obra batzuen artean, Gesaltza Añana, Apinaiz eta Urbisuko arazketa hobetzea, eta Villanañe, Uribarri, Olabarri eta Gopegi-Ondategikoa hobetzeko proiektuak egitea.
 
 
Kontuetan milioi erdi euroko inbertsioa aurreikusten da Landa eta Garaioko hondartzak hobetzeko. Gainera, 600.000 euro baino gehiago inbertituko ditu ibilbide berde berrietan.  
Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a. Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren aurrekontuak 17,7 milioi izango ditu, guztira, helburu honekin: lanean jarraitzea gure natura ingurunea eta Araba berde eta natural honek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak mantendu eta kontserbatzeko, Josean Galerak gaur arratsaldean Batzar Nagusietan azaldu duenez.
 
Ingurumen eta Hirigintza Sailean pisu ekonomiko handieneko programa uraren ziklo integrala da, zeinak 4,76 milioi erabiliko dituen saneamendu eta hornikuntza azpiegiturak egiteko, hau da, aurrekontu osoaren ia % 27.
 
Foru diputatuak xehetasunak eman ditu epigrafe horretan aurreikusita dauden hainbat esku-hartzeren gainean, hala nola Gesaltza Añanaren eta Apinaizen lotura dagoeneko eginda dauden araztegiekin eta araztegi berri bat egitea Urbisurako. Orobat, Gopegi-Ondategiko araztegi berriaren eta Villanañe, Uribarri eta Olabarriko loturen proiektuak egingo dira.
 
Aldundiaren beste lehentasunetako bat da Arabako herrien hornikuntza hobetzea, eta horretarako inbertsioak aurreikusi dira Bikuña, Oion, Guardia, Dulantzi, Agurain eta Sobronen.
 
4,29 milioi hondakinen kudeaketa hobetzeko
 
Aurrekontu proiektuan nabarmentzen den beste programa bat da hondakinen kudeaketa integrala, zeinak 4,29 milioiko inbertsioa egingo duen, aurreko urtean baino % 6 gehiago eta aurrekontu osoaren % 24,2. Galerak azpimarratu dituen helburuen artean nabarmentzen da toki erakundeei laguntzea hondakin organikoen gaikako bilketa ezartzeko. Iragarri du, halaber, 2017an amaituko dela Arabako Lurralde Historikoko hondakinen prebentzio plana, eta mugikorrerako eta weberako aplikazio berri bat sortuko dela informazioa hobetzeko eta sentsibilizazio lana egiteko birziklatzearen eta berrerabiltzearen alde, arabarrei laguntza emanez jakin dezaten edukiontzi bakoitzera zer hondakin bota behar den eta hurbilen dagoen edukiontzi edo zerbitzua non dagoen.
 
Galerak jorratu ditu, orobat, ingurumen iraunkortasunerako inbertsioak, eta hainbat berritasun aipatu ditu, hala nola berriki bandera urdina aitortu zaien Garaio eta Landako hondartzak hobetzeko gorde den milioi erdi euro. Beste lan batzuen artean, ezinduen irisgarritasuna hobetuko da, dutxa egokituak jarriz eta mugikortasun urrikoak uretara sartzeko aulki anfibioak erosiz. Hondartzetan gerta litezkeen larrialdietako arreta ere hobetuko da, adibidez, sorospen postuetarako desfibriladoreak erosiz.
 
Ingurumen Saileko diputatuak iragarri du, halaber, 600.000 eurotik gorako inbertsioa egingo dela ibilbide berde berriak egokitzeko, helburu hauekin: naturaguneen arteko loturak hobetzea, mugikortasun iraunkorra sustatzea eta ingurumenaren kontserbazioa eta aisia bateragarri egiteko proposamenak ugaritzea. Ildo horretan, iragarri du parke linealean Zamorako zelaia eta Olako auzoa batzen dituen zatiko obrak egingo direla (463.591 euro). Gainera, aurrekontuan sartuta daude beste 140.790 euro ere, Billoda - Iruña Oka lotura egokitzeko, etorkizuneko Zadorrako bide berdearen lehenengo zatia izango denean.
 
  • Irudiak
    null

Honekin lotutako informazioa