Cookie
2016/11/21


Arabako Foru Aldundiak % 72 igoko du enplegua sustatzeko programen zuzkidura.
Gazteen eta epe luzeko langabetuen kontratazioa sustatu nahi du.
 
Cristina Gonzalezek: “Gure lehentasuna langabeziari aurre egitea da, eta hori aurrekontuan islatzen da"
 

Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.- Arabako Foru Aldundiak aurreikusi du zuzkidura ekonomikoa %72 igotzea enplegurako politika aktiboak garatzeko eta langabetuak prestatzeko, lanpostu bat eskuratzea errazte aldera. Arabako 2017rako aurrekontu proiektuak ia 1,4 milioi euro esleituko ditu programa horietarako; ekitaldi honetan indarrean dauden kontuetan, aldiz, 808.000 euro esleitzen dira.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur eman ditu datu horiek Arabako Batzar Nagusietan, bere saileko aurrekontuak azaltzeko egin duen agerraldian. Horrez gain, ziurtatu du baliabide gehiago izateko lan egingo duela, Europar Batasunaren finantzaketaren bidez langabeziaren aurka borroka egiteko.
 
“Enpleguaren bilakaera positiboa da Araban, baina oraindik ia 23.000 pertsona daude lan egin nahi baina ezin dutenak. “Langabezia da, oraindik ere, arabarren kezka nagusia, eta, beraz, horixe da sail honen politika publikoen lehentasuna. Eta lehentasun hori argi islatzen da aurrekontuetan, % 72 igo baitira langabeziari aurre egiteko zuzendu diren baliabide ekonomikoak”, adierazi du
 
Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailaren aurrekontua ia 46 milioi eurokoa da, Arabako Foru Aldundiaren guztirako baliabideen % 9,7 baino zertxobait gehiago. Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak irensten du funts horien zati handiena, 33 milioi eurotik gora, eta, informatika arloko beharrizanak, Arkitektura Zerbitzua eta AFAren gastu arrunt gehiena finantzatzeko erabiltzen da, gehienbat.
 
Proiektu horretan 9,1 milioi euro gordetzen dira Funtzio Publikoko Zuzendaritzarako, eta kopuru horren barruan 200.000 euroko partida bat nabarmentzen da, erakundean kualifikazio handiena duten taldeetako 78 lanpostu huts betetzearren legealdi honetan egingo den lehen enplegu publikoko eskaintzaren hautaketa probak egitekoa. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Zuzendaritza, berriz, ia 3,4 milioi euroz hornitzen du.
 
Honekin lotutako informazio atalean ikusgai dago prentsa oharra.
 
  • Irudiak
    null

Honekin lotutako informazioa