Cookie
noiztik: 
2012/07/25 
noiz arte: 
2013/01/13
Elexazar. Amurrio
Ordua: 

asteartetik ostiralera: 10:00 -14:00 / 16:00 -18:30
larunbatetan: 10:00 - 14:00
igande eta jaiegunetan: 11:00 - 14:00
astelehenetan itxita

Lekua: 
Bibat. Arkeologia, Fournier de Naipes Museoa
Antolatzailea: 
Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Elexazar Nerbioi ibaiaren arroaren garaiera ertaineko mendi aldean dagoen gunea da (Larragorri mendilerroan, 550 metroko garaierara), eta Aloriako erromatar garaiko aztarnategitik oso hurbil dago. Ongi bereizitako hiru eraikuntza ditu gutxienez. Horietako batek oinplano karratua du eta neurri askotako zenbait esparruk osatzen dute. Esparru horiek patio handi bat inguratzen dute, Erromatar Inperioan barrena hain hedatuta egon ziren eredu mediterraneoak jarraiki.

Hormek harri ilara gutxi batzuk mantentzen dituzte zutik; beraz, ez dakigu nolakoak izan ziren haien morfologia osoa, estaldura eta baoak ezta estalkien ezaugarriak ere. Hala ere, zenbait eraikuntza fase antzematen dira, denboran zehar izan zituzten beharrizan funtzionalei erantzuteko egindakoak.

Burdinazko eta berunezko elementu ugari aurkitu dituztenez, baita errementari baten ingudea eta sutondo txiki bat ere, Elexazar metalurgia arloko kokagune bat izan zela eta inguru hartako natura baliabideen ustiapenari lotuta egon zitekeela uste da. Era berean, ezin dugu baztertu Elexazarreko aztarnategia inguratzen duten mendialde zabaletan abeltzaintzan jarduten zutelako aukera, inguruko herriguneek edota militar taldeek zituzten premiei erantzutearren.

2011ko indusketa lanetan taurobolio baten aurkikuntza nabarmendu behar da. Bi zatitan apurtuta eta jatorrizkoa ez den beste modu batean jarrita aurkitu zuten. Hareharrizko bloke angeluzuzen batean landutako aldare bat da (50 x 30 cm eta 60 kg inguru), aurrealdean baxuerliebea duena. Bertan zezen baten burua dago irudikatuta, soka bikoitz batez inguratuta eta frontoi klasikoz errematatua. Haren oinarria zutoin baten gainean jartzeko prestatuta dago. Bada, izate sakratuak gurtzeko balio zuen elementu sinbolikoa da. Otoitz edo sakrifizioak egiteko erabiliko zuten edo norberarentzako beharrezko babesa edota Elexazarren egiten zituzten lan guztiak behar bezala gauza zitezen eskatuko zuten haren aurrean.

Aurkikuntza hori Zibelesen gurtzearekin lotu behar dugu. Zibeles frigiar jatorriko jainkosa da, Erroman gurtzen zutena, naturaren eta ugalkortasunaren Magna Mater delakoa baitzen. Honelako zenbait aldare Nafarroako erdialdean eta Aragoiko mendebaldean ere aurkitu dira, eta gehienak IV. mendekotzat jo dituzte. Itxuraz, erritu paganoei eusten zieten, Inperioan jada ofizialki kristautasuna nagusi zen garaian.

Kronologia: Alexandro Severo enperadorearen txanpon batek, K. o. 227. urtekoak eta aldarearen maila berberean eta handik zentimetro gutxira aurkitu zenak, kontuan hartu beharreko data iradoki lezake zeharbidez.
 

  • Irudiak
    null