Documento

I - ARABAKO BATZAR NAGUSIAK ETA ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN FORU ADMINISTRAZIOA

Arabako Foru Aldundia

OGASUN, FINANTZA ETA AURREKONTU SAILA

Foru Gobernu Kontseiluaren 59/2018 Foru dekretua, azaroaren 27koa. Onespena ematea Arabako zerga sistemako zenbait arautegitan aldaketak egiteari
Argitaratuta: 2018/12/05eko 140. zenbakiko ALHAOn
Erreferentzia: ALHAO -2018-140-4432

Foru dekretu honen xedea da zenbait aldaketa egitea hiru dekretutan: abenduaren 28ko 80/2005 Foru Dekretuan, idatzitako zerga kontsultei, zergen aurreko proposamenei eta itzurpenaren aurkako klausulei aplikatu beharreko prozedura onesten duenean; uztailaren 8ko 71/2008 Foru Dekretuan, identifikazio fiskaleko zenbakiaren inguruko betebeharrak eta haren osaera arautzen dituenean; eta abenduaren 23ko 111/2008 Foru Dekretuan, kontuen, eragiketen eta finantza aktiboen berri emateko beharra arautzen duenean.

Abenduaren 28ko 80/2005 Foru Dekretuari dagokionez, ezartzen da kontsultagileak zer informazio gehigarri eman beharko duen, elkarrekiko laguntzari buruzko araudia betez beste estatu batzuekin edo nazioarteko edo nazioz gaindiko entitateekin informazioa trukatzea behar duten zerga kontsulta eta aldez aurreko proposamenetan.

Uztailaren 8ko 71/2008 Foru Dekretuari eta abenduaren 23ko 111/2008 Foru Dekretuari dagokienez, zenbait aldaketa sartzen dira identifikazio fiskaleko zenbakiaren erabilera eta birgaitzeari buruz eta balio, aseguru eta errentez eta gizarte aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenez informazioa emateko eginbeharrari buruz.

Zerga Araudiaren Zerbitzuak eta Aholku Batzordeak horri buruz emandako araudi eraginaren txosten laburtua aztertu da.

Horregatik, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak proposatuta, eta Foru Gobernu Kontseiluak gaur bertan egindako bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

Lehenengoa. 80/2005 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, idatzitako zerga kontsultei, zergen aurreko proposamenei eta itzurpenaren aurkako klausulei aplikatu beharreko prozedura onartzen duena.

Aldaketa hauek egin dira abenduaren 28ko 80/2005 Foru Dekretuan, idatzitako zerga kontsultei, zergen aurreko proposamenei eta itzurpenaren aurkako klausulei aplikatu beharreko prozedura onartzen duenean:

Bat. 3. artikuluaren 1. apartatuari d) letra gehitu zaio; hona hemen haren edukia:

"d) Kontsultarekin edo kontsulta horren erantzunarekin informazio trukea egin behar bada beste estatu batzuekin edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde batzuekin, elkarren laguntzarako tresna bat dela bide, inguruabar hori berariaz adierazi behar da; nolanahi ere, zerga administrazio eskudunak ofizioz har dezake aintzat inguruabar hori. Aurrekoaz gainera, datu hauek ere adierazi behar dira:

1) Kontsultagilea parte den merkataritzako taldearen edo talde fiskalaren identifikazioa; halaber jaso behar dira kontsultak eragindako erakunde ez egoiliar guztien identifikazio fiskaleko zenbakiak edo kode baliokideak.

2) Enpresa jardueraren deskripzioa, bai eta egin diren edo egingo diren transakzioena zein transakzio segidena ere. Edonola ere, deskripzio hori egiterakoan erabat errespetatu behar dira sekretu komertzial, industrial edo profesionalaren arauketa eta interes publikoa.

3) Kontsultaren xede den transakzio edo eragiketaren eragina jasan lezaketen estatuak.

4) Kontsultarenerantzunak eragin liezaiekeen beste estatu batzuetakopertsona egoiliarrak.

5) Aplikatzekoa den elkarren laguntzari buruzko araudiaren ondorioz eska litezkeen beste datu batzuk."

Bi. 9. artikuluaren 2. apartatuari f) letra gehitu zaio; hona hemen haren edukia:

"f) Zerga ordainketako aurretiazko proposamenarekin edo hari buruzko ebazpenarekin informazio trukea egin behar bada beste estatu batzuekin edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde batzuekin, elkarren laguntzarako tresna bat dela bide, inguruabar hori berariaz adierazi behar da; nolanahi ere, prozedura ebazteko eskuduna den zerga administrazioak ofizioz hartu dezake aintzat inguruabar hori. Aurrekoaz gainera, datu hauek ere adierazi behar dira:

1) Zerga ordainketako aurretiazko proposamena aurkezten duen erakundea parte den merkataritzako taldearen edo talde fiskalaren identifikazioa; halaber jaso behar dira kontsultak eragindako erakunde ez egoiliar guztien identifikazio fiskaleko zenbakiak edo kode baliokideak.

2) Enpresa jardueraren deskripzioa, bai eta egin diren edo egingo diren transakzioena zein transakzio segidena ere. Edonola ere, deskripzio hori egiterakoan erabat errespetatu behar dira sekretu komertzial, industrial edo profesionalaren arauketa eta interes publikoa.

3) Proposamenaren xede den transakzio edo eragiketaren eragina jasan lezaketen estatuak.

4) Prozeduraren ebazpenak eragin liezaiekeen beste estatu batzuetakopertsona egoiliarrak.

5) Aplikatzekoa den elkarren laguntzari buruzko araudiaren ondorioz eska litezkeen beste datu batzuk."

Bigarrena. 71/2008 Foru Dekretua, uztailaren 8koa, identifikazio fiskaleko zenbakiaren inguruko betebeharrak eta haren osaera arautzen dituena.

Aldaketa hauek egin dira uztailaren 8ko 71/2008 Foru Dekretuan, identifikazio fiskaleko zenbakiaren inguruko betebeharrak eta haren osaera arautzen dituenean:

Bat. 11. artikuluaren 2. apartatuko e) letra aldatu da eta honela geratu da:

"e) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara edo pentsio planetara kontribuzioak edo ekarpenak egiten direnean edo haien ondoriozko prestazioak jasotzen direnean. Kasu horietan, identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi behar zaie planak atxikita dauden pentsiofuntsak edo borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak kudeatzen dituzten erakundeei edo egoitza Europar Batasuneko beste herrialde batean dutela Espainiako legeriari lotutako enpleguko pentsio planak garatzen dituzten pentsiofuntsei edo, hala badagokio, haiek kudeatzen dituzten erakundeei, eta zenbakia jarri behar da ekarpenak egin beharra eta prestazioen aintzatespenaformalizatzen diren agirietan."

Bi. 17. artikuluaren 6. zenbakia aldatu da eta honela geratu da:

"6. Identifikazio fiskaleko zenbaki bat ezeztatu ondoren Zerga Administrazioak berriz ere gaitu ahal du erabaki bidez. Erabaki hori artikulu honetako 3. apartatuan ezeztapen erabakietarako ezarritakoari lotuz argitaratu behar da.

Identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzeko eskabideak bakarrik izapidetuko dira baldin eta egiaztatzen bada desagertu egin direla zenbaki hori ezeztatzea eragin zuten arrazoiak eta, sozietateen kasuan, komunikatzen bada, gainera, nork duen sozietatearen kapitalaren titulartasuna; halaber, osorik identifikatu behar dira sozietatearen legezko ordezkariak zein zerga egoitza, eta sozietateak egingo duen jarduera ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa ere eman behar da. Baldintza horiek guztiak betetzen ez badira, eskabideak artxibatu egingo dira, besterik gabe.

Identifikazio fiskaleko zenbaki bat birgaitzeko eskabidea berariaz ebazten ez bada hiru hilabetean, eskaera ukatutzat jo beharko da."

Hirugarrena. 111/2008 Foru Dekretua, abenduaren 23koa, kontuen, eragiketen eta finantza aktiboen berri emateko beharra arautzen duena.

Honako aldaketa hauek egin dira abenduaren 23ko 111/2008 Foru Dekretuan, kontuen, eragiketen eta finantza aktiboen berri emateko beharra arautzen duenean:

Bat. 4. artikuluaren 3. apartatua aldatu da eta honela geratu da:

"3. Aseguru erakundeek, helbidea Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean izanik Espainian zerbitzugintza askearen araubidean diharduten aseguru erakundeak barnean direla, zein finantza erakundeek urteko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta bertan bildu beharko dute jarraian adieraziko den informazioa:

a) Abenduaren 31n bizi aseguru baten hartzaile direnen izen abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia, data horretako erreskate balioa jakinaraziz.

b) Abenduaren 31n, dirutan, ondasun higigarri edo higiezinetan kapitala eman izanaren ondorioz aldi baterako edo biziarteko errenta baten onuradun diren pertsonen izen abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia. Data horretako kapitalizazio balioa adierazi beharko da.

Bizitza aseguruak ondarearen gaineko zerga sortzen denean duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Aldi baterako errentak edo biziarteko errentak, kapitala dirutan, ondasun higigarritan edo higiezinetan ematearen ondorioz sortu direnean, ondarearen gaineko zerga sortzen den egunean duten kapitalizazio balioaren arabera zenbatu behar dira, pentsioakeratzeko ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan adierazi diren arau berak aplikatuz."

Bi. 18. artikuluaren c) apartatua aldatu da eta honela geratu da:

"c) Europar Batasuneko beste estatu kide batean helbideratutako pentsiofuntsek, Espainian bertako legeari atxikitako enpleguko pentsio planak garatzen badituzte; bertan, funts horietara atxikitako planen partaideak banaka jasoko dira, haiek egindako ekarpenaren zenbatekoa bezalaxe, ekarpenak haiek zuzenean egindakoak diren, baimendutako pertsonek egindakoak diren edo aipatutako plan horien sustatzaileek egindakoak diren alde batera utzita."

AZKEN XEDAPENA

ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean foru dekretu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 27a

Diputatu nagusia

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE

Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatua

JOSÉ LUIS CIMIANO RUIZ

Ogasuneko zuzendaria

TERESA VIGURI MARTÍNEZ