Documento
Argitaratuta: 2007/05/04eko 54. zenbakiko ALHAOn
Erreferentzia: ALHAO -2007-54-2468

ARABAKO BILTZAR NAGUSIAK

2468

16/2007 Foru Araua, martxoaren 30ekoa, errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko tasa ezartzekoa.

Arabako Biltzar Nagusiek, 2007ko martxoaren 30ean egindako Osoko Bilkuran, ondoko Foru Araua onetsi zuten:

16/2007 Foru Araua, martxoaren 30ekoa, errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko tasa ezartzekoa.

ZIOEN AZALPENA

Urtarrilaren 24ko 14/95 Foru Dekretuaren bidez, Garraio Zerbitzuak garraioaren alorrean betetzen dituen lanen truke ordaindu beharreko tasen zenbatekoak onartu ziren. Zenbateko horiek, ordutik aurrekontuak gauzatzeko onartu diren arauen arabera eguneratu dira.

Orduan aurreikusi ziren eginkizunen artean ez ziren aintzat hartu, errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezia egin dezaketenei eman beharreko baimenak, hau da, erabiltzaile-talde berezi batentzako (ikasleak, langileak edo antzeko talde homogeneoak) jarduerak baino burutzen ez dituztenei eman beharreko baimenak.

Aurreko paragrafoan aipatutako egoera dela-eta, ezinbestekoa da erabilera bereziko garraiorako baimena Arabako foru-administrazioari eskatzen zaioenean sortuko den eta berori eskuratu nahi dutenek ordaindu beharko duten zenbatekoa ezarri behar da.

Azaroaren 23ko 33/1998 Foru Arauak eta, geroago, otsailaren 28ko 6/2005 Foru Arauak berritu zuten Tasa eta Prezio Publikoei buruzko azaroaren 20ko 64/1989 Foru Arauaren 6. artikuluak honela definitzen ditu: "tributuak dira eta beraien zerga-egitateak hauexek dira: herri jabariaren bakarreko erabilera edo aprobetxamendu berezia egitea eta zerbitzuak ematea edo jarduerak egitea Zuzenbide Publikoko erregimenean, hain zuzen ere zergapekoei dagozkienak, haiek ukitzen dituztenak edo haiei onura ekartzen dietenak, baldin eta zerbitzu edo jarduera hauek ez badituzte zergapekoak eskatzen edo ez badituzte euren borondatez jasotzen eta ez badituzte egiten sektore pribatukoek".

Bestalde, kontuan izan behar da Araban indarrean dagoen Zerga Foru Arauaren 7. artikuluak eta, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Arauaren 10. artikuluak, arautzen dute zerga-arloko Foru Arau batek bakarrik arautzen dituela hierarkikoki zergak osatzen duten oinarrizko elementuak, eta dagokigun lege honetan ere erabat aplika daiteke berori.

Eta azaldutako guztiarengatik, errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko zenbatekoa, jarraian azaltzen den legez arautzen da.

ERREPIDE BIDEZKO BIDAIARIEN

GARRAIO ERREGULAR BEREZIRAKO BAIMENAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASA

LEHENENGO ARTIKULUA.- Zergapeko egitatea.

Errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko tasa da zergapeko egitatea.

BIGARREN ARTIKULUA.- Subjektu pasiboa.

Tasa honen subjektu pasiboak izango dira, errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimena lortzen duten oro.

HIRUGAREN ARTIKULUA.- Sortzapena.

Errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko tasa, jarduera hori garatzeko baimena ematen duen dagokion agiria egitean sortuko da.

LAUGARREN ARTIKULUA.- Zenbatekoa.

Hogeita bost euro eta hirurogeita lau zentimoko (**25,64** euro) zenbateko finkoa da errepide bidezko bidaiarien garraio erregular berezirako baimenagatik ordaindu beharreko tasa.

Aurrekontua Gauzatzeko Foru Arauetan eguneratu egin ahal izango da kuotaren zenbateko hori.

BOSGARREN ARTIKULUA.- Kudeaketa.

Arabako Foru Aldundiko Garraio Zerbitzuak kobratuko du honako tasa hau.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Foru Arau hau garatzeko, gauzatzeko edo aplikatzeko egokitzat edo beharrezkoak jotzen dituen xedapen guztiak emateko gaitasuna izango du Diputatuen Kontseiluak.

Bigarrena. Foru Arau hau indarrean sartuko da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta ondorioak izango ditu 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko apirilaren 2a.- Lehendakaria, MARÍA TERESA RODRÍGUEZ BARAHONA.